90 urte bizitza zaintzen
Bideo honekin ideia bat ospatu nahi dugu: pertsonen osasuna jartzea gauza guztien aurretik. Eta horretarako, zeu zara guretzat garrantzitsuena. Bizitza oparoa ikusiko duzu 20 segundotan.
Aurten, IMQren 90. urteurrena izango da. Aukera paregabea, gure konpainia mediku-talde baten eskutik sortu zenetik –garai hartako estali gabeko asistentziaeskaerari erantzuteko– ibilitako bidea ospatzeko ez ezik, honaino ekarri gaituen helburua berritu eta bultzatzeko ere.
Denbora horretan zehar, medikuntzak eta teknologiak izandako aurrerapenen partedun izan gara, gaixotasunak prebenitu, diagnostikatu eta tratatzeko modua aldatu izanaren lekuko eta eragile izan gara eta, hala, ongizatea, osasuna eta bizitza eraginkortasunez zaintzeko konponbide berritzaileak eskaintzeko beharrak une bakoitzean egokitu ditugu.
Lorpen horietako bat ere ez zatekeen lortuko bezero belaunaldien konfiantza eta laguntza izan ez bagenitu –gaur egun, 385.000tik gora bezero–, haiek guregan jarri baitituzte beren itxaropenik onenak, eta, editorial honen bidez, gure esker ona erakutsi nahi diet, zin-zinez. Izan ere, bezeroen leialtasunak egin gaitu Euskadiko osasun pribatuaren lider, eta haiengatik eta haientzat lan egiten du egun oroz gure giza taldea, talde saiatua eta profesionala, zerbitzua emateko dena emateko prest dagoena.
Lortutakoaz, erronkez eta zailtasunez, aukerez eta arrakastez, indartsu eta erreferente egin gaituen guztiaz haratago, ibilbide hori eta historia hori elkarrekin, zuokin, bezeroekin, egin dugula da benetan garrantzitsua.
Urteak betetzea beti da pozik egoteko arrazoia, baina, bestetik, egunero ibilbide-orria argi izatea ere bada; hots, jakitea ez dela ezer lortzen grinarik gabe, burubelarri aritu gabe, edo helburu handinahirik izan gabe, bikaintasunarekin, berrikuntzarekin eta etengabeko hobekuntzarekin konprometitzen ez bada, oraina finkatzeko eta etorkizuna eraikitzeko modu nekaezinean lan egiten ez bada. Hori guztia dela eta, urteurrena ez da iraganerako begirada bat bakarrik, etorkizunerako begirada bat ere bada, ahalik eta esperientzia onena ematen jarraitzeko gai garela ziurtatzeko, gure bezeroak lagunduta, entzunda eta baloratuta senti daitezen; hitz batez, IMQ familiaren partaide eta gure lehentasun nagusia direla senti dezaten.
90. urteurren zoriontsua guztioi!
Javier Aguirregabiria
IMQko Zuzendari Nagusia